zer da haurra?

Nor da, zer da haurra? Nor da hezten ari garen eta saiakera horretan gu hezten gaituen subjektua? Zer esan nahi du "hezi" hitzak? Zein da heziketa prozesuaren betebeharra?... Reggio Emilian badakite galdera horiek ez dituztela filosofoek bakarrik erantzun behar. Badakite hezteko betebeharra duen bakoitzak ere (irakasle, guraso...) ataka horretan jarri eta erantzun horiek bilatu beharko lituzkeela bere hezitzaile lanaren zentzua eta esanahia aurkitzeko. Garbi adierazten digute haurraren kontzeptua anitza dela, ikuspegi, garai eta kultura bakoitzak haurrari buruzko imajina/irudi bat garatzen duela, eta imajina/irudi hori islatuko dela heziketa proiektuetan. Reggio Emilian, eta baieztapena hau probokatzailea dela jakinda ere, haurtzaroa existitzen ez den ideia edo premisatik abiatzen dira haurrari buruzko imajina egiterakoan. Haurtzaroa giza eraikuntza da eta gizarte bakoitzak bere haurtzaroa eraikitzen du. Beraz, eraikuntza sozio-politiko eta kulturala da. Gutxi dira gaur egun eraikuntza horren abiapuntu bezala eskubideak aukeratzen dituzten gizarteak; ohikoagoa da beharretatik eta gabezietatik abiatzea. Psikologiak eta pedagogiak gero eta gehiago azpimarratzen dituzte haurraren beharrak, hutsuneak, gabeziak, haurrak baduena eta haurra badena azpimarratu beharrean. Haur hauskorraren imajina gailendu da, beharrez eta gabeziaz beterikoa, eman egin behar zaion haurrarena. Berari buruz guztia erabaki dezakegu helduok. Haurra pribatua da; "nire semea-alaba", "nire ikaslea da". Gizarteak erabili, ahaztu, ezkutatu... egin dezakeen subjektuaren imajina gailendu da. Loris Malaguzziri esker eraikitako esperientzia zera da: haurtzaroa subjektu politiko eta sozial moduan erreklamatu ahal izateko eta bere eskubideak adierazteko, elkarrekintzan eta haurraren gaitasun eta ahalmenetan oinarritutako haurraren irudia sortzea. Reggio Emilian haurraz hitz egiten denean, gizonaz eta emakumeaz hitz egiten da. Horregatik, Reggio Emilian beste guztien artean imajina hau aukeratu dute: haur sendo (indartsu) aberats eta gaitua . Beharrak badituela ahaztu gabe, baina batez ere bere ahalmenak, errekurtsoak eta eskubideak azpimarratuz. Haurraren imajina hori aukeratu dute. Kontzienteak dira aukeraketa ez dela erraza, erabakitakoaren ardura hartzea eskatzen duela eta zalantza berriekin bizitzeko ausardia dakarrela berarekin. Aukeraketa horrek zera esan nahi du: helduekin batera eta helduen laguntzarekin bere bizitzaren eta horren zentzuaren bilatze lanaren protagonista eta eraikitzailea den haurraren eskubideen defentsa. Indartsua esaten dutenean, kuriositateak ematen dion indarraz ari dira, zergatiak galdetzean adierazten duen indarraz, dakiena eta jakin nahi duenaren indarraz, harridurarako indarraz... Sendoa diotenean, helduak probokatzeaz ari dira. Ikasteko eta munduarekin harremanetan jartzeko daukan aldez aurretiko jarreraz, bizitzaren lehen unetik eta lehenagotik daukan jarrera horretaz. Sendoa erlazioan, interakzioan, bere buruarekin, mundua eraikitzen duen bitartean, eraikitzeko duen gaitasunagatik... www.hikhasi.com-eko artikulua

Slideshare

Nire YOUTUBEko orrialdeko bideoa

2008/01/21

ESKOLA EREDU EZBERDINEN KEZKAK

Batzuek uste dute, eskola txikietan haur gutxi elkartzeak, gerora haur horiek gizarteratzeko beharko dituzten gaitasunetan eskasia eragin dezakeela. Bada, kezka hori izan dezaketenei honako hau ohartaraz diezaiekegu: guztiz kontrako lorpenak eskuratzen direla, eskola txikietan sortzen den egoera naturalaren ondorioz. Izan ere, eskola hauetan haur helduenek hartzen dute naturalki haur txikienak zaindu, gidatu eta babesteko ardura, neba-arreba txikiagoei garai bateko senide askoko familietan ematen zitzaien arreta berberarekin. Haur txikienek, helduenen ereduak hartzen dituzte eta, haien arteko harremanak eta jokoak ahalbidetzeko erabili behar dituzten mekanismo guztiak martxan jartzeko gaitasunak sakondu eta aurrera egiteko aukera gehiago izaten dute. Eskola txikietan haur nagusienek gazteenei erakusten diete, eta gaiak azaldu behar horrek edukiak hobeto menderatzea eskatzen die ikasleei. Gainera, haurra bera non egongo da hobeto bere ikasle bizitzako lehen urteetan bere ingurunean bertan baino? Pertsona guztiontzat, eta haurrentzat gehiago, oso garrantzitsua da gertuko erreferentzien baitan garatzea bere ezagutza eta nortasuna. Beraz, ikasle asko ez izatearen desabantaila ongi baino hobeto osatzen du eguneroko ariketa hezitzaile eta aberasgarri horrek. Urte askotako esperientziak baieztatzen digunez, hamabi urterekin, hurrengo eskolara iristean, haur hauek ez dute inolako arazorik izaten lagunekin elkarbizitza oparoa gauzatzeko edo beste esparru batzuetan bizi eta hezitako haurren mailako emaitzak lortzeko.

Urteekin eskolen egoera nabarmen hobetu da, prestigioa irabazi dute eta zerbitzu berriak zabaldu dituzte. Eskoletako irakasleen artean harremanak sendotu dira, eta baita ikasleen artean ere. Komunikazio teknologia berriek aldaketa asko bideratu dituzte eskoletan. Espezializazioari eta hornikuntzari lotuta egon daitekeen kezka uxatu beharra dago. Eskola handi zein txiki, espezialista berberak daude (musika, ingelesa, hezkuntza fisikoa, aholkularia, laguntzailea, etorkinen hizkuntza indartzeko irakaslea, logopeda, heziketa bereziko irakaslea eta abar). Eta hornikuntzari dagokionez, eskola handien egoerarekin konparatuz gero, ez dago desberdintasun handirik. Eskola txikietan baliabide gutxiago dagoen arren, horiek erabiltzeko aukera gehiago ere badago; jantokiak antolatzen, garraio egokiak bilatzen, haurtzaindegiak moldatzen eta eskolaz kanpoko jarduerak bultzatzen gabiltza etengabe eskola txikietan. Eskola txikietan estamentu guztien artean dagoen hurbiltasunagatik, edota hobeto esanda, arreta zuzenagatik, sortzen diren harremanengatik, haurren aniztasunari eman ahal zaion trataeragatik, erabiltzen diren didaktika aurrerakoiengatik, eta abarrengatik, eskola horiek kalitate handikoak direla esan dezakegu.

Ikastetxeak guztiz integraturik daude herriko bizitzan, haur, guraso eta herritarren artean harreman estuak sortuz. Horretarako, urtean zehar hainbat ekitaldi, ospakizun eta jaialdi burutzen dira: Gabonak, inauteriak, lehiaketak, proiektuak, irteerak elkarrekin, jolas kooperatiboak eta abar. Orain arte egindako bi edizioetan arrakasta handia izan dute.

ESKOLA TXIKIEN JAIALDIA

Azkeneko bi urteetan Busturialdeko lau eskola txikiek jaialdi bat antolatu dute udaberri aldera, hainbat helburu lortu nahian. Arteagako Montorre, Busturialdeko Ucelay, Muxikako Urretxindorra eta Mundakako Ikastetxe Publikoa dira eskola txiki horiek. Gure herrietako eskolentzat garrantzitsua den ekitaldia aprobetxatuz, gizartearen aurrean hainbat asmo eta gogoeta aldarrikatu beharrean gaude.

Zaila izaten da eskolarik gabeko herri bat irudikatzea, ikastetxea herri baten arima delako. Ikastetxe horiek duten berezitasun edota ezaugarri nagusia ikasle kopuru murriztuak dituztela da. Eskola horietan ez da egoten adin bakoitzeko ikasle nahikorik gela bana izateko, eta gela bakoitzean adin desberdineko ikasleak bildu behar izaten dira. Herri txikietako eskolen kontra erabili izan diren argudio nagusiak hezkuntza kalitateari eta ekonomiari lotu izan zaizkio. Alde batetik, kalitatearen inguruan planteatzen den kezka nagusia ikasleen aniztasuna da; alegia, nola moldatu gela barruan adin desberdineko ikasleekin ikaste-prozesu egokia lortu ahal izateko. Gaur egungo eskolan, talde lanaz, pedagogia aktiboaz, balioez eta aniztasunaz hitz egiten da. Horretan oinarrituta, eskola txikia eskola modernoa da. Ikaste prozesuan aniztasun horrek aberastasuna dakar, eta ez da ikusi behar oztopo gisa edota gurasoen kezka moduan. Askotan familiak arduratuta egoten dira euren seme-alabek eskola txikietan ikasten badute, batzuen iritziz, horrek eragina izan dezakeelako etorkizunean. Horien ustez, eskola txikietan hezitako haurrek etorkizun hurbilean sozializazio gaitasun gutxi izan dezakete. Baina uste hori saihestu egin behar da, arlo horri dagokionez eskola txikiek gainerako eskolek bezalako lorpenak edukitzen baitituzte. Batzuek eskolaren kalitatea tamainaren arabera neurtzen dute, eta ez, eskolaren kalitateak ez dauka zerikusirik bere tamainarekin.

ARRATIAKO KASU BEREZIA

Arratia-Nerbioiko hiru eskola txikik harreman berezia dute euren artean; Arrankudiagakoak, Areatzakoak eta Zeberiokoak. Lehen nahiko arrunta omen zen eskola txikien artean batzarrak egitea, gurasoak elkartzea, material kurrikularrak elkarrekin prestatzea eta abar. Aipatu hiru herrietako eskolak elkarrekin egiten dute lan. Arlo metodologikoan ia-ia klaustro bakarra izango bagina moduan funtzionatzen dute. Konstruktibismoaren ikuspuntua da eskola hauetan nagusi. Ondorioz, testu libururik ez daukatenez eta lana proiektuekin egiten dutenez, bildu egiten dira materialak sortzeko, gelatan gertatzen denaz eztabaidatzeko, beraien esku-hartzea aztertzeko, proposamen berriak diseinatzeko... Edozein eskola handietan maila berean irakasle edo gela bat baino gehiagoren artean dagoen funtzionamendua beraiek hiru eskolon artean egiten dute. Horretarako, ziklo bakoitzeko irakasleek astean zehar bi ordu hartzen dituzte elkartzeko, koordinatzaile batekin.

BIZKAIKO ESKOLA TXIKIAK

Bizkaian guztira 29 eskoLA txikidaude sei bailaratan banatuta: lau Busturialdean, bosna Uribe-Kostan, Enkarterrietan eta Lea-Artibain, bi Durangaldean eta zazpi Arratia-Nerbioin. Bi eta zortzi gela artean dituzte; gehienek lau edo bost. Ez dago unitate bakarreko eskolarik beste herrialdetan bezala. Izan ere, Bizkaiko herriok handiagoak ei dira eta haur gehiago dago. Bidenabar, azkenaldian herriak handitzen ari dira eta haur kopurua igotzen. Zeberion, esate baterako, 90 ikasle daude. Hala eta guztiz ere, eskola txikiak izaten jarraitzen dute. Eurak diotenez, “herri handien antza gehiago dugu, baina ez dago hango eskoletan adinako pilaketarik. Oraindik ere ikasle gutxi dira eta herriko haurrak izaten jarraitzen dute, desberdinak”.

Bizkaiko eskola txikiak ez daude inongo koordinadoratan edo elkartetan batuta, ez dute lotura finkorik. Koordinatzaile bat egongo balitz euren arteko harremanak erraztuko lirateke segur aski, baina inor ez dago prest ardura hori hartzeko mementoz, nahiz eta Hezkuntza Saila horretarako prest agertu.
Horri baino garrantzi handiagoa ematen diote haur eskolen eta eskola txikien arteko harremanari. 11 herritan ireki dituzte haur eskolak, baina ez dute inolako erlaziorik euren artean.

HERRIAK ALDATZEN

Herri txikietan eskola txikiak daude, baina ez eskola gutxituak. Populazio txikiko eremuetan kokatuta daudenez, ikasle kopuru txikiak dituzte, eta ondorioz eskola antolaketa berezia dute gaur egungo eskola eredu nagusiarekin konparatuz gero.
1970eko Ley General de Educación delakoak herri txikietako eskolak hiltzera kondenatu zituen, zortzi unitate baino gutxiagoko eskolak itxiz eta kontzentrazioak bultzatuz. Eskola asko itxi egin ziren eta besteak abandonatu samar gelditu ziren. 1990ean LOGSE ezarri zenean egoera aldatu egin zen, eskola txikiak aintzat hartu baitzituen.
Legeak soilik ez, herri txikietako egoera ere aldatzen ari da. Nekazaritza eremuaz hitz egitean, nekazariak etortzen zaizkigu burura. Baina, gaur egun, askotan nekazaritza eremuetako ekonomia aktibitate nagusia ez dira nekazaritza eta abeltzantza, zerbitzuak baizik. Herri txiki asko aisialdirako gune bihurtzen ari dira.
Horrekin batera, etxebizitza berriak egiten ari dira hainbat herritan, eta beraz, familia berriak datoz bizitzera. Ondorioz, herriak asko ari dira aldatzen, eta hor eskolak ere badu lana. Familia berri horiek herrian integratzeak garrantzi handia du.
Eskola txikien beste ezaugarri bat hurbiltasuna da. Denek elkar ezagutzen dute eta norbanako bakoitzak pisu handia du, beste eskoletan baino handiagoa. Zeren irakasle bat eskolaren laurdena izan daiteke, edo familia bat eskolaren hamarrena. Ikastetxe handi batean sei familiek alde egiten badute, ez da ezer gertatzen. Baina eskola txiki hauetan bai.
Aldaketa horiei guztiei egin behar diete aurre, eta aldi berean, desberdin izatearen “zamari” eutsi. Beste eskola eredu bat osatzen dute eta poliki-poliki euren nortasuna sendotuz doa. Elkartzeak asko lagundu die horretan

ESKOLA TXIKIAK EUSKAL HERRIAN

Zaila da Euskal Herriko eskola txiki guztiak argazki bakar bat egitea. Izan ere, euren arteko harremana ez da berdina leku guztietan. Iparraldean, esaterako, “eskola txikiak” kontzeptua ez da erabiltzen. Ikastetxe publikoa, giristinoak edo ikastolak daude, eta horien barruan handiak, ertainak eta txikiak. Azken horiek ez daukate lotura berezirik txikiak izateagatik. Hegoaldean, ordea, eta batik bat Gipuzkoan eta Nafarroan, txikitasun horrek elkartu egin ditu.

Eskola txiki gehienak nekazaritza eremukoak dira, baina hor ere badaude eskola handiak. Araban, esate baterako, eskola txiki gutxi daude kontzentrazioaren ondorioz. Herri batzuetan pilatzen dira inguruko haurrak eta ikasle asko dituzte. Ondorioz, ez dira eskola txikitzat hartzen nahiz eta landa eremuan egon. Arabako Errioxako zentroekin gertatzen da hori.
Nafarroa Beherean eta Garaian eta Zuberoan, ostera, batzuk hain dira txikiak, ezen ixteko arriskuan dauden. Egoera horretan aurkitu ziren Larraineko eta Garaibiko eskolak, baina mementoz, herritarren mobilizazioak tarteko, ateak irekita segitzen dute.
Gainerako lekuetan ez da horrelako mehatxurik sumatzen. Gipuzkoan itxi baino gehiago ireki egin dira azken urteotan. EAEn Haurreskolak Partzuergoaren zentroak ere ireki dira hainbat herritan 0-3 urteko haurrentzat. Horrek, gerora Lehen Hezkuntzako ikastetxea irekitzeko aukera ekar dezake eta albiste ona da.

ARGAZKI BILDUMA